XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta oraindik mutiko zorrizu bat besterik ez dela!

Hamabi urte zikin.

Hortan bada, hogei urtetako horrek harrotu behar dizkin bazterretako hautsak, horrek harrotu behar dituenez!

Beste gauza.

Hik ez dun usteko ba ni burutik joana nagoenik?

Edo nola nahi dun hik el pudor en la mujer, otra secuela del machismo eta horrelako ergelkeriak sinistea?

Hire aliatu horiek bezain joana nagoela uste al dun?

Edo zer uste dun hik, ematxarren asmazio txoralda guziak gizonaren zapalkuntzak sortuak direla?

Nahi bai hik, nahi, hala izatea!

Hartara xipoxkeria guziak haien bizkar botatzeko.

Ai maja, hi!

Begizan, besterik gabe, jarrera petral hori hartzeak ez garamazkin inora; emakumearen alderdi on guziak nahasi besterik ez dizkinagu egiten; gure arma guziak galduta geldituko gaitun horrela segitzen badugu, eta gizonengandik deus atera gabe.

Sexu bakoitzak bere harmak dizkin, eta neurri haundi batean, naturak hala emanak gainera.

Marigixonak gauza on eta haundi asko asmatu din bere historian.

Baina, emea, bere grazi eta bertute guziekin, marigixonaren produktu huts denik pentsatzea, kulturari neurriz gaineko inportantzia ematea iruditzen zaidan niri.

Emakumea lotsati izana arkoikeriari zor zaiola esatea, gauzak beren onetatik ateratzea iduritzen zaidan.

Lotsa oso arma baliagarria izan dun neretzako, eta seguru negon hamarretatik bederatzi emakumerentzako ere beste hainbeste izandu dela.

Gure lotsati jarrera, ez dun dekretu bidez inposatua, baizik eta emakumeok gizonekiko izan dugun senak sortua.

Emakumea, kokildu egiten dun, lotsatiarena egiten din, eta horrela, xirikatu eta tentatu egiten din gizona, bere baitan kuxkurtuta geratzen den oilalokak oilarra egiten duen gisan.